Aller au contenu principal

Versailles


Versailles


Versailles Frantziako erdi-iparraldeko udalerria da, Yvelines departamenduko hiriburua, Ile de France eskualdean, Parisko metropoligunean. Jauregi eskerga eraikita, XVII. eta XVIII. mendeetan Frantziako gortea bertan kokatu zenez gero, de facto erresumako hiriburua izan zen. 2005. urtean 86.400 biztanle zituen.

Versaillesko hitzarmenak

Versailles hirian nazioarteko hainbat itun egin dira:

  • 1756an, Frantziak eta Austriak Britainia Handiaren eta Prusiaren arteko itunaren aurka (Westminster, 1756) egin zuten hitzarmena, elkar babesteko eta laguntzeko, Zazpi Urteko Gerra (1756-1763) ekarri zuena.
  • 1768an, Frantziaren eta Genoaren artekoa. Genoak Korsika saldu zion Frantziari, bi milioi liratan.
  • 1783an, Ameriketako Estatu Batuetako Independentzia Gerraren amaiera ekarri zuten bake-hitzarmenak, Britainia Handiak Estatu Batuekin, Frantziarekin eta Espainiarekin egin zituenak.
  • 1919an, Lehen Mundu Gerraren ondoren, Alemania galtzaileraentzako betebeharrak zehaztu zituena (ikus Versaillesko Ituna). Betebeharrak Erresuma Batuaren aldetik David Lloyd Georgek, Frantziaren aldetik Georges Clemenceauk, Estatu Batuen aldetik Woodrow Wilsonek eta Italiaren aldetik Vittorio Orlandok zehaztu zituzten. Lurralde asko kendu zitzaizkion Alemaniari: Alsazia-Lorrena, Frantziarentzat; Poznan, Hluzin, Memel eta Mendebaldeko Prusia Poloniarentzat; Danzig (edo Gdansk) hiri libre gisa geratu zen; plebiszituak egitekoak ziren, berriz, Eupen-Malmédy (Belgikako mugan), Silesia Garaia eta Ekialdeko Prusia (Poloniako mugan) eta Schleswigeko iparraldean (Danimarkarekiko mugan). Sarre eta Rhin ibaiaren mendebaldeko ertzeko beste lurralde batzuk Nazioen Elkartearen esku geratu ziren, baina ekonomiaren ustiapena Frantziari zegokion. Alemaniaren itsasoz haraindiko koloniak Japoniaren, Britainia Handiaren eta Frantziaren artean banatu ziren. Bestalde, gerrako kalteak ordaintzea (geroago, 33.000 milioi dolar ordaindu behar zituela zehaztu zen, ekonomialari askoren iritziz bete ezinezkoa zena), eta merkataritza- eta arrantza-ontzi asko, eta metal- eta ikatz-ekoizpenaren parte handi bat eskatu zitzaizkion. Azkenik, 100.000 soldadu baino gehiagoko gudarostea osatzeko debekua jaso zuen Alemaniak. Historialari batzuen ustez, neurri gogor horiek zerikusi handia izan zuten nazionalsozialismoaren gorakadan eta, horren ndorioz, Bigarren Mundu Gerraren sorreran.

Ekonomia

Administrazio- eta turismo-hiria da. Zerbitzuak eta, batez ere, jauregiak erakartzen duen turismoa dira Versaillesko ekonomiaren oinarriak. Industriari dagokionez, aipagarriak dira kimika, erlojugintza eta gozogintza.

Ondasun nabarmenak

Monumentu ugari gorde dira, Luis XIV.ak Frantziako gortea Versaillesen ezarri zuen garaikoak bereziki; besteak beste, aipagarriak dira Versaillesko jauregia, Frantziako arkitektura klasikoaren eredu dena, eta haren inguruko lorategiak.

Versaillestar ezagunak

  • Michel Gondry (1963-), zinemagilea.

Herri eta hiri senidetuak

Versailles ondorengo herri eta hiriekin senidetuta dago:

Ikus, gainera

  • Frantziako hiri nagusien zerrenda

Erreferentziak

Kanpo estekak


Text submitted to CC-BY-SA license. Source: Versailles by Wikipedia (Historical)


Langue des articles



INVESTIGATION

Quelques articles à proximité