Aller au contenu principal

Saint-Denis basilika


Saint-Denis basilika


Saint-Denis basilika (frantsesez: Basilique Saint-Denis) estilo gotikoko eliza katolikoa da, Saint-Denis hirian dagoena, Paristik bost kilometro iparraldera, Frantziako Sena Saint-Denis departamenduan. Jatorrian abadia eliza, Saint Denisko elizbarrutiko katedrala da 1966tik.

Historia

Behe Erromatar Inperioaren garaitik jada existitzen zen hilerri bat Saint-Denisen. IV. mendean mausoleo bat eraiki zen gaur egun aldare nagusia dagoen toki berean. V. mendean Santa Genovevak inguruko lurrak erosi eta eliza bat eraikiarazi zuen, merovingiar garaian bi aldiz handitua izan zena, bereziki Dagoberto I.aren erregealdian. 630. urte inguruan bertan San Dionisio lurperatua izan zen (Parisko lehen gotzaina) bere beste bi lagunekin batera: Rusticus apaiza eta Eleuthère diakonoa. 750 inguruan santutegi berri bat eraikitzen hasi zen Pepin Laburraren aginduz. Karolingiar garaian basilika erako eliza bat eraiki zen, hiru nabe eta transeptu batekin.

Suger abadea

Suger ospe handiko abadea izan zen bere gaitasun anitzengatik. Irudimen handia izan zuen eta bizitzaren arlo guztietan zerbait esateko izan zuen beti (erlijioan, politikan, administrazioan, ekintza militarretan eta noski, arkitekturan). Garaiko errege Luis VI.aren aholkularia izandako honen nortasuna aski islatu zen Saint-Denisko abadian. San Denis protagonista garrantzitsuenetariko bat dugu. Frantziako patroia zenez gero, santurik ospetsuena zen. Bere erlikiak bere izeneko abadian gordeta zeuden. Hortaz, Saint-Denisko abadia hau, Frantziako erromesaldi gunerik bisitatuena zen. Gainera, 1124tik aurrera, Lendita (Frantziako jaialdi erlijioso bat) ospatzen hasi zen bertan. Hau egundoko diru sarrera izan zen abadiarentzat, egun horretan feria handi bat eratzen baitzen Saint-Denisen. Denis santuaren erlikietaz aparte, Karlomagno erregeak Lur Santutik ekarritako Nekaldiaren erlikiak gordeta omen zeuden ere. Suger abadeak guzti hau aprobetxatu zuen kondaira patriotikoak idazteko, kronika historikoak balira bezala. Ondorioz, abadiak geroz eta ospe gehiago hartuz joan zen.

Hugo Kapeto hil zenetik basilikan Frantziako erregeen hilobiak daude, Filipe I.a Frantziakoarena izan ezik, Saint-Benoît-sur-Loireko monasterioan lurperatua izan zena. Kapetoar leinuko lehen erregea izan zen Hugo Kapeto Saint Denisko abade laikoa izan zen, abadiaren indarra bere boterea indartzeko probestu zuena.

1291ko abuztuaren 22an, Nikolas IV.ak Orvieton sinatutako bulda batek Zelestino III.arena berretsi zuen, non Saint-Denisko erlijiosoei zigor kanonikorik ez jasotzearen pribilegioa ematen zen, zetorren tokitik zetorrela (bertako abadeena izan ezik), Saint-Denisko abadiak aita santuaren baimen berezirik ez zuen arren. Frantziako erregeak Saint Denisko abadiara otoitz egitera eta Oriflama hartzera joaten ziren gerrara edo gurutzadetara joan aurretik.

Frantziako Erlijio Gerretan, protestanteak eta katolikoak elkarren aurka borrokatu ziren 1576an gudu bortitz batean, eta 1593an Henrike V.a Frantziakoak protestantismoari uko egin zion.

Ezaugarriak

San Denis katedral berria kontutan izan behar dugu. Suger eraikuntza berri bat egiteko beharrean aurkitu zen, gero eta erromes gehiago mugitzen baitzen bertara. 1124tik aurrera proiektu berrirako dirutza biltzen hasi zen. 1140an burualdea eraikitzen hasi zen. Sugerrek jakituria teknikoak ez zituen arren, berritze arkitektonikoen alde apostua egin zuen eraikuntza honetan. Gotikoaren ernamuina Sugerrek bere barnean zeramatzala esan daiteke. Hiru fasetan eraiki zen Saint-Denis berria, aurreko eliza karolingiarra bota ondoren. Lehendabizi, mendebaldea eraiki zen; ondoren burualdeari ekin zioten (burualde argitsu bat lortuz); azkenik nabe nagusia proiektatu zuten (Suger hil eta gero bukatu zen). Esan daiteke, sistema metafisikoak, diseinu artistikoa zeharo eragindu zuela eraikuntza honetan. Sugerri esker izan zen hau. Abade honek, normandiar arkitekturaren zenbait ezaugarri bereganatu zituen eta Saint-Denisen islatu: Porta Caeli kontzeptua esaterako (mendebaldeko sarrerari garrantzia eman eta ez honen dorreei) edo gurutze gangaren erabilpena. Proventzatik, ikonografia hartu zuen (Azken Epaiketaren gaia). San Bernardok zer egina izan zuen baita Sugerren proiektu arkitektonikoan: eraikuntzari sinbologia edo espiritualitatearen zentzua ematea. Sugerren nahia izan zen, eraikuntza miresgarri hori begi fisikoekin ikusi ordez, “arimaren begiekin” ikustea, benetako eta azkenengo egia somatu ahal izateko. Baina zalantzarik gabe, elizgizon honen benetako berritzapena, argiaren erabilpena izan zen. Mirespen hau, ezaguna den Pseudo-Aeropagitatik zetorkion. Teologo horren influentzia jasan zuen eta hortaz, Saint-Denis beiratez bete zuen, gune sakratu batean bihurtuz. Arkitektura mistiko bat martxan jarri zuen. Katedral horretan, sistema proportzionalak eta lumenarekin erlazionatutakoak elkar nahastu ziren eta Suger, “teologia eraikitzen zuen arkitekto” batean bihurtu zen. Azken finean, Sugerrek ez zituen gotikoaren formak asmatu, baina bai sinbolismo teologiko indartsu bat eman forma horiei. Hori izan zen gotikoaren arrakastaren arrazoia Frantzian. Espiritu eta estilu berri hau, ondorengo katedral guztientan aplikatu zen: Chartres, Reims, Amiensen...

Saint-Denis eta bere ondarea

Dagoberto I.a izan zen Saint-Denisen lurperatua izatea nahi izan zuen lehen erregea. Izan ere, eta Saint-Denisek duen Frantziako erregeen nekropoli izaera kontuan hartua, basilikak paper garrantzitsu bat izan du Frantziako ondarearen historian.

1793an hilobiak profanatuak izan ziren, eta hondakinak tumulu baten lurperatu ziren. Napoleon Bonapartek lehen zaharberritzeak agindi zituen 1805ean. Iraultzan zehar erregeak kriptan kokatutako hezurtegi batean lurperatuak izan ziren. 1816an Luis XVIII.a Frantziakoak errege nekropolia berreraikitzea agindu zuen. Borboitarren hondakinak kriptara itzuliak izan ziren.

Saint-Denisko basilika Frantziako monumentu historikoen zerrendako lehena da 1840tik.

Basilikaren zaharberritze lanetan parte hartu zuten arkitektoen zerrenda:

  • 1805-1813: Jacques Célerier
  • 1813-1846: François Debret. Arkitekto honen zuzendaritzapean aurkitu ziren iparraldeko dorrean zeuden pitzadurak, dorrea botatzera behartu zutenak. Orduan Arte Ederren Eskolak antzinako eraikinen zaharberritzean parte hartzeko gai ziren arkitektoak ez zituela prestatzen pentsatu zen. Hortik sortu zen garai horretan eraikitako eraikinak zaharberritzera dedikatuko ziren arkitektoentzako prestaketa zehatzaren ideia.
  • 1846-1879: Eugène Viollet-le-Duc. Eraikinaren zaharberritzeaz arduratu zen, hondamenditik salbatuz, inongo zalantzarik gabe. Zaharberritzea Debretek egindakoaren zati handi bat zuzenduz amaitu zuen eta oraindik mantentzen diren errege hilobiak berrantolatu zituen.

Basilikan dauden beste arte lan ugarietako bat Aristide Cavaillé-Collek eraikitako lehen organoa da. Musika tresna honek, Aristidek 23 urte zituenean eraiki zuena, berarekin berrikuntza ugari dakartza, munduan prototipo bakarra bihurtuz, zeinekin organo erromantikoaren garaia hasten den (era berean organo klasiko frantziartzat hartzen den arren). Hiru teklatu eta pedal sorta batean (gehi beste eskuzko lau teklatu) banatutako hirurogeitabederatzi jokoz hornitua, ia oso-osorik bere jatorrizko egoeran mantentzen da, eta, inongo zalantzarik gabe Frantziako musika tresnarik ederrenetako bat da.

Basilika katedral izendatua izan zen Saint-Denis-en-Franceko elizbarrutia 1966an sortu ondoren.

Presbiterioa konpondu arren, Saint-Denisko alkateak faltan bota zituen 2006ko Ondarearen Jardunaldiak probestuz, hegoaldeko fatxada (14 milioi euro), harria eta mendebaldeko fatxadako arkupe erromatarrak zaharberritzeko proiektuak aurkeztea, baita beirateak ere, plastikozko beste batzuengatik ordezkatu zirenak.

Basilika eta museoa

Lehen eraikuntza erromaniko estilokoa zen. Saint-Denisko benitoar abadia eraikin aberats eta ospetsu bat zen Sugerren partehartzeari esker, bertako abadea izan zena 1122 eta 1151 bitartean. Sugerrek antzinako eliza karolingiarra berritu nahi zuen San Dionisioren erlikiak erakutsi ahal izateko, koro berri batean kokatuz: horretarako funtsezkoa zen argia pasatzen uzten zuten leihoak asko goratzea.

Sugerrek bere gotzaindegiko eliza nagusiaren eraikuntza amaitzea erabaki zuen, eta horretarako Sensko Done Eztebe katedral berriaren estiloan (jada nabaritzen hasi zena) inspiratu zen.

1140an mendebaldeko eraikin berri bat eraikiarazi zuen, erromatar garaiko eredu normandiarretan inspiratuz, Saint-Étienne de Caeneko abadia kasu. 1144an basilikaren koruaren sagaratzeak arkitektura berri baten iritsiera irudikatu zuen. Deanbulatorioaren printzipioa absideko kaperarentzat berriz hartuz eta bikoiztuz, kaperak gainjartzea erabaki zuen, aurretik isolatuta zeudenak, kontrahorma soil baten bidez bananduz. Kaperetako bakoitzak beirateez apaindutako leiho talde biki handi batzuen bidez jasoko zuen argia. Gangatuak arku zorrotz gurutzearen teknika hartu zuen, zutabeen indarra hobeto banatzea ahalbidetzen duena.

Gaur egun monumentua publikoari irekia dago eta bi espaziotan banatua dago.

  • Nabea eta alboak, zeremonia erlijiosoak ospatzen diren eliza bezala erabiltzen direnak.
  • Transeptuak, koruak, deanbulatorioak eta kriptak Frantziako errege-erreginen eta hauen zerbitzari askoren hilobiak jarrita dauden museo bat dute. Museoa itxita mantentzen da zeremonia erlijiosoetan zehar. Benetan nabarmengarriak dira Luis XII.a Frantziakoa, Ana Bretainiakoa, Frantzisko I.a Frantziakoa eta Henrike II.a Frantziakoaren mausoleoak.

Lurperatutako erregeak

  • Dagoberto I.a.
  • Pepin Laburra.
  • Karlos Burusoila.
  • Luis III.a Frantziakoa.
  • Eudes.
  • Karloman II.a Frantziakoa.
  • Hugues Capet.
  • Roberto II.a Frantziakoa.
  • Luis VI.a Frantziakoa Lodia.
  • Luis VII.a Frantziakoa Gaztea.
  • Filipe II.a Frantziakoa Augusto.
  • Luis VIII.a Frantziakoa Lehoia.
  • Luis IX.a Frantziakoa San Luis.
  • Filipe III.a Frantziakoa.
  • Filipe IV.a Frantziakoa Ederra.
  • Luis X.a Frantziakoa Tematia.
  • Joan I.a Frantziakoa Hil Ondorengoa.
  • Filipe V.a Frantziakoa Luzea.
  • Karlos IV.a Frantziakoa Ederra.
  • Filipe VI.a Frantziakoa Valoiskoa.
  • Joan II.a Frantziakoa Ona.
  • Karlos V.a Frantziakoa Jakintsua.
  • Karlos VI.a Frantziakoa Eroa.
  • Karlos VII.a Frantziakoa.
  • Karlos VIII.a Frantziakoa.
  • Luis XII.a Frantziakoa.
  • Frantzisko I.a Frantziakoa.
  • Henrike II.a Frantziakoa.
  • Frantzisko II.a Frantziakoa.
  • Karlos IX.a Frantziakoa.
  • Henrike III.a Frantziakoa.
  • Henrike IV.a Frantziakoa.
  • Luis XIII.a Frantziakoa.
  • Luis XIV.a Frantziakoa.
  • Luis XV.a Frantziakoa.
  • Luis XVI.a Frantziakoa.
  • Luis XVII.a Frantziakoa (bere bihotza baino ez).
  • Luis XVIII.a Frantziakoa.

Lurperatutako erreginak

  • Arnegonde Wormskoa, Klotario I.aren emaztea.
  • Zuria Gaztelakoa (1188-1252) Luis VIII.aren emaztea.
  • Margarita Proventzakoa (1221-1295) Luis IX.aren emaztea.
  • Elisabet Aragoikoa (1247-1271) Filipe III.aren emaztea.
  • Klementzia Hungariakoa (1290-1328) Luis X.aren emaztea.
  • Joana Evreuxkoa (1310-1371) Karlos IV.aren emaztea.
  • Joana Borgoinakoa (1293-1348) Filipe VI.a Valoiskoaren emaztea.
  • Joana Borboikoa (1337-1378) Karlos V.aren emaztea.
  • Isabel Bavariakoa (1370-1435) Karlos VI.aren emaztea.
  • Maria Anjoukoa (1404-1463) Karlos VII.aren emaztea.
  • Ana Bretainiakoa (1477-1514) Karlos VIII.aren emaztea eta Luis XII.aren bigarren emaztea.
  • Klaudia Frantziakoa (1499-1524) Bretainiako dukesa eta Frantzisko I.aren lehen emaztea.
  • Katalina Medici (1519-1589) Enrike II.aren emaztea.
  • Margarita Frantziakoa (1553-1615) Enrike IV.aren lehen emaztea.
  • Maria Medici Enrike IV.aren bigarren emaztea.
  • Ana Austriakoa (1601-1666) Luis XIII.aren emaztea.
  • Maria Teresa Austriakoa (1638-1683) Luis XIV.aren emaztea.
  • Maria Leszczynska, Luis XV.aren emaztea. Bere bihotza bere gurasoengandik oso hurbil lurperatuta dago (Catherine Opalinska eta Estanislao Leszczynski) Nancyko Notre-Dame-de-Bonsecours elizan.
  • Marie Antoinette, Luis XVI.aren emaztea.

Luis IX.ak ezetz esan zion Isambur Danimarkakoaren lurperaketari. Isabel Hainautekoa, Filipe Augustoren emaztea zena, Parisko Notre-Dame katedralean lurperatua izan zen.

Lurperatutako beste pertsonaia batzuk

  • Karlos Martel.
  • Bertrand du Guesclin.
  • Gaspar IV.a Colignykoa, 1649an hil zena Frantziako Mariskal izendatu berria zenean.
  • Arnaud Guillaume Barbazangoa.
  • Karlos II.a Alençongoa (XIX. mendean ekarria).
  • Sofia Artoiskoa (1776-1783), Mademoiselle, Karlos X.aren lehen alaba.
  • Maria Teresa Artoiskoa (1783) Mademoiselle de Angoulême, Karlos X.aren bigarren alaba.
  • Sofia Frantziakoa (1786-1787), Madame Sofia, Luis XVI.aren bigarren alaba.
  • Luis Jose Frantziakoa (1781-1789), Frantziako dofina, Luis XVI.aren seme nagusia.
  • Luisa Isabel Artoiskoa (1817), Mademoiselle, Karlos Fernando Artoiskoaren alaba nagusia.
  • Luis Jose Borboikoa (1736-1818), Condéko printzea eta Borboiko, Enghieneko eta Guisako dukea.
  • Luis Artoiskoa (1818) Karlos Fernando Artoiskoaren lehen semea.
  • Karlos Fernando Artoiskoa (1778-1820) Berryko dukea, Karlos X.aren bigarren semea.
  • Luis Enrike Jose Borboikoa (1756-1830), Condéko printzea eta Borboiko, Enghieneko eta Guisako dukea.

Irudiak

Ikus, gainera

  • Basilique de Saint-Denis (Parisko metroa)

Kanpo estekak


Text submitted to CC-BY-SA license. Source: Saint-Denis basilika by Wikipedia (Historical)


Langue des articles



Quelques articles à proximité