Aller au contenu principal

Parisko Senaren ibaiertzak


Parisko Senaren ibaiertzak


Parisko Senaren ibaiertzak Frantziako hiriburuko monumenturik ederrenetako batzuk ditu, Eiffel dorretik Notre-Dame katedralera, baina baita bi aldeak elkartzen dituzten zubi historikoak ere. 1991ko ekainaren 23an, uharteak eta bi ibaiertzak Unescok Gizateriaren Ondare izendatu zuen, Paris, Senaren ibaiertzak izenarekin.

Senak, mendebalderantz doana Normandiako bere estuariorantz, Paris erdibitzen du: eskuinaldea eta ezkerraldea. Hiriaren bilakaera eta bere historia, Senaren ibaiertzak zeharkatuz ikus daitezke, Louvre museotik Eiffel dorreraino, Concorde plaza, Grand Palais eta Petit Palaisetik pasatuz. Ibaiaren ondoan ere, Notre-Dame katedrala eta Sainte-Chapelle altxatzen dira, arkitektura gotikoaren bi maisulan. Haussmannen hirigintza planaren arabera hiriko beste toki batzuetan trazatutako plaza eta etorbide zabalak eredu izan ziren munduko hiri askoren hiri antolamendurako, XIX. mendearen amaieran eta XX. mendean.

Ezaugarriak

Ezkerraldea

Ezkerraldean dauden barrutiak (Parisen hegoaldea) honako hauek dira: V. barrutia, VI. barrutia, VII. barrutia, XIII. barrutia, XV. barrutia. XIV. barrutia hegoaldean dago, baina ez Senaren ertzean.

Unescoren mugaketa-eremuan sartuta dauden elementu indibidualak honako hauek dira:

  • Marteren Zelaia, École Militaire eta Eiffel dorrea
  • Esplanade des Invalides, Hôtel des Invalides eta Airearen Museoa
  • Palais Bourbon (Nazio Biltzarraren egoitza)
  • Musée d’Orsay
  • Frantziako Institutua eta Hôtel de la Monnaie

Ibaiertz honetan ikus daitezke, baita ere, Jardin des plantes, Jussieu campusa, Institut du Monde Arabe, quai Branly museoa, Frantziako Liburutegi Nazionala, Paris-Austerlitz geltokia, André Citroën parkea eta beste eraikin eta monumentu historiko batzuk.

"Ezkerraldea" (frantsesez Rive gauche) esamoldeak hiriaren zatirik artistikoena izendatzen du eta, leku geografiko bati baino gehiago, bizimodu bati egiten dio erreferentzia.

Eskuinaldea

Eskuinaldean dauden barrutiak (Parisko hiriaren iparraldea) honako hauek dira: I. barrutia (Cité uhartea izan ezik), II. barrutia, III. barrutia, IV. barrutia (Cité eta Saint-Louis uhartea izan ezik), VIII. barrutia, XII. barrutia, XVI. barrutia. Iparraldeko beste barruti hauek ez dira Senaren ertzeraino iristen: XVII. barrutia, IX. barrutia, X. barrutia, XI. barrutia, XVIII. barrutia, XIX. barrutia, XX. barrutia.)

UNESCOren mugaketa-eremuan sartuta dauden elementu indibidualak honako hauek dira:

  • Chaillot jauregia eta Trocadéro lorategia
  • Grand Palais eta Petit Palais
  • Palais de Tokyo
  • Concorde plaza eta Tuileriak
  • Louvre museoa
  • Châtelet eta Parisko herriko etxea

Ibaiertz honetan ikus daitezke, baita ere, mugatutako eremutik kanpo bada ere, Bercyko parkea, Palais Omnisports de Paris-Bercy, Finantza Ministerioa, Paris-Lyon geltokia, Errege Jauregia, La Samaritaine saltoki handia eta beste monumentu historiko batzuk.

"Eskuinaldea" (Rive droite) esamoldeak hiriaren zatirik sofistikatuena izendatzen du eta, leku geografiko bati baino gehiago, bizimodu bati egiten dio erreferentzia.

Uharteak

Mugatutako eremuan Parisko bi uharte handiak daude, erabat urbanizatuta:

  • Île Saint-Louis
  • Île de la Cité, non nabarmentzen diren Notre-Dame katedrala, Sainte-Chapelle eta Prefektura.

Bukinistak

Bukinistak (frantsesez bouquinistes) Parisko Senaren ibaiertzetako zati integral dira. Lehenak Voltaire kaian agertu ziren 1891n. Batez ere liburu arraroak edo zaharrak eskaintzen dituzten etxola berdeak hiriko leku argazkidunen artean daude. Liburu-saltzaile bakoitzari 8,2 metroko espazioa erabiltzeko baimena ematen zaio. Egun 245 inguru dira.

Landaredia

Ibaiertzetan landatuta dauden zuhaitzak dira, batez ere, platanoak, Italiako makalak, lertxunak eta sahats ak. Azken urteotan, beste zuhaitz eta landare batzuk landatu dira, hala nola sagarrondoak eta udareondoak.

Erreferentziak

Kanpo estekak

Giuseppe Zanotti Luxury Sneakers

Text submitted to CC-BY-SA license. Source: Parisko Senaren ibaiertzak by Wikipedia (Historical)


Langue des articles



INVESTIGATION

Quelques articles à proximité